Etxalde baten sistema bere osotasunean eta bere berezitasunetan ulertzen laguntzen dute zeharkako 6 gai horiek. Laborariak helburutzat hartzen ahal ditu, bere erritmoari eta etxaldeko errealitateari egokituz.
Euskal Herriko Laborantza Ganbararen logoan agertzen den liliak 6 hosto dauzka, aipatu 6 gaiak sinbolizatzen dituztenak.
Zer da autonomia ? Hautuen jabe izaitea eta gaitasun horren erabiltzeko ahala ukaitea da autonomia. Laborariaren autonomia haren erabakitzeko autonomian oinarritzen da, eta honek autonomia teknikoa finkatzen du (kanpoko erosketak menperatu : ongailu, hazi, zaldare, energia etab.). Autonomia hori laborariaren libertatea da baita ere bere ardura. Ez da autarkia. Alderantziz, partaidetzan eta tokiko aktorekilako osagarritasunean oinarritzen da.
Etxaldeen autonomiaren hobetzeak errango du, adibidez :
- gastuak menperatzea (ongailuak, lurraren lantzea…) tokiko baldintzeri egokiak diren alorreri eta ibilbide sinplifikatueri lehentasuna emanez ;
- inbestitzen den diru heina menperatzea, lan sariari lehentasuna emaiteko.
- sor marken inguruko ekintza eta desmartxetan parte hartzea
- balio erantsia berreskuratzea bere produkzioaren parte bat edo dena transformatuz eta salmenta zuzena garatuz…
Ekoizpen tresnak eskuratzeko ahala ukan behar dute laborari guziek, lan sari ona ateratzeko gisan. Alta, plantan ezarriak izan diren hainbat laborantza politikek etxalde ttipi eta ertainak baztertu dituzte emeki emeki laborantza lurren eta primak eskuratzeko eta ekoizteko eskubideen banatzeko finkatu diren gutxieneko mailen gatik.
Primak eta ekoizteko eskubideak eta libratzen diren lurrak banatzeko mementoan ekoizteko eskubide ahulenak dituzten etxaldeeri lehentasuna emaitea, hori da banaketa.
Banaketa zuzen batek behar du giza-faktorea kondutan hartu, erran nahi baita, enplegu kopurua, etxaldearen ekoizpen guziak, bere izaria, bere trabak… Banaketak argia izan behar du baliokidetasun sistemak erabiliz produkzio desberdinen artean.
Transmititzeko gai izaitea da, etxaldearen iraunkortasuna belaunaldiz belaunaldi segurtatzeko. Etxaldeari esker ateratzen ahalko den sariaren, transmititzen den lan tresnaren balioaren eta etxaldeak eragiten duen bizi baldintzaren arabera neur daiteke gaitasun hori.
Gure gibeletik heldu diren belaunaldiek beren beharreri erantzuteko ahala ukan dezaten, baliabide naturalen eta biodibertsitatearen babesteari lehentasuna eman behar diete laborantza sistemek. Produkzio bakarrak (landare, hazkuntza) ekosistema naturalen funtzionatzeko maneretarik biziki urrun dira eta beraz eritasunak eta parasitoak izigarri aise biltzen dituzte horiek. Ondorioz, produkzio mota horiek tratamendu prebentiboak eta sendatzaileak gero eta bihurriagoak eta pizuak galdegiten dituzte. Lurraren emankortasuna ahultzen dute eta uraren kantitate eta kalitatean eragin txarra dute ere bai.
Alderantziz, laborantza iraunkorrak tratamendu gutti behar dituzten sistemak languntzen ditu, produkzionen aniztasunari, txandakako laborantzari, espezie egokieri lehentasuna emanez.
Kalitatezko janaria nahiko kantitatean jendeari eskaintzea da laborantzaren funtzio nagusia. Ekoizpen baten kalitatea osasun eta dastamen mailan neurtzen da, ekoizteko maneraren araberakoa da : tailerraren heina, intensifikazio (edo indartze) maila, hazkuntzak eta alorrak eramaiteko moldeak, sargaien baliatzea. Kalitatea ezagutua eta identifikatua izan behar da. Ekoizteko baldintzak argiki agertu behar dute baldintza-kaierean, identifikagai eta egiaztagai kontsumitzaileen gandik.
Kalitate Marka Ofizial batzuk eskakizun horieri erantzuten dute gutti gora behera : AB Laborantza Biologiko, AOC/AOP sor markak, IGP, labelak eta arautasun ziurtagiriak.
Aktore soziala, ekonomikoa, herritarra da laboraria, tokiko bizian inplikatua da. Lurralde dinamiko bat etxaldeak nunbrean mantentzeko gai izanen da, zeren eta bizi-kalitatea ona eskeintzen baitio bere biztanlegoari : hurbilego zerbitzuak, sare sozialak, aktibitate kulturalak… Alderantziz, laboraririk ez duen baserria ez da gehiago entretenitua eta bere aktibitate ekonomiko nagusia galtzen du. Luzara, zerbitzu eta dendak desagertzen dira baita ere turismoa.